Batzuetan zaila gerta dakiguke eguzkitako betaurrekoen aukera egitea, hain da zabala aukera!. Hona hamar oinarrizko aholku aukeraketa hau erraz eta segurtasun osoz egin dezazun.
1.-Optiketan soilik. Eguzkitako betaurrekoak zure begien babeserako balio duten funtsezko elementuak dira. Hauen material, filtro, kolore, erabilera eta bestelako bereizitasunak ezagutzen duen profesionala Optikaria da. Ez itzazu alperrikako arriskuak hartu: profesional baten aholkua bila ezazu; zure begiek ez dute gutxiagorik merezi.
2.-Iragazi Kategoria 0-tik 4-ra arteko zenbaki batez sailkatzen ditugu, kolorearen intentsitateari dagokionez. 0 kategoriakoak ia kolorerik gabekoak dira eta, aldiz, 4 kategoriadunak oso ilunak. Ohikoa da eguzkitako betaurreko bat 2 edo 3 kategoriakoa izatea. Kategoria zenbaki altuagoa izateak (3-4) ez du esan nahi ezinbestean babes handiagoa lortuko dugunik, lentea ilunagoa izango dela baizik. Argibide gehiago hemen.
3.-Kontutan hartu emango diozun erabilera. Ez da gauza bera erabilera orokorrerako edo bereiziki eskiatu, arrantzatu edo gidatzeko erabiliko dituzun betaurrekoak aukeratzea. Gainera, filtro kategoria batzuek murrizketak dakartzate: 4 kategoriakoekin, adibidez, ez dago legalki gidatzerik, ilunegiak direlako.
4.-Eguzkitako betaurreko polarizatuak oso erakargarriak suertatzen dira. Bere egituragatik, lente honek kontraste, bereizmen eta erosotasun handiagoak eskeintzen dizkigu, islatutako izpiak deuseztatzen bait ditu. Eska iezaguzu erakustaldi bat.
5.-Lente fotokromatikoak ere aipatzeko modukoak dira. Lente hauek automatikoki eguzkitan ilundu eta itzalean argitzen dira, iristen zaien eguzki erradiazioaren araberan. Honela, zure betaurrekoak beti kolore egokia izango du.
6.–Lenteen kolorea. Teoria piska bat: Marroia kolore egokia da kontrastea handitu eta ikusmenaren nekea eta eguzki itsualdia ekiditzen dituelako; miopeentzat ere aukera egokia. Lente berdeak, aldiz, ur kiroletan jarduntzeko ezinhobeak dira eta aldaketa gutxi dakarkigu gure koloreak bereizteko gaitasunean; hipermetroeentzat aukera egokiena. Koloreen artean neutroena grisa da, beste guztiak gutxien aldatzen dituena. Honela, oso egokia da gidatzeko. Praktikan lenteen kolore bat edo bestea aukeratu oso prozesu subjektiboa da. Ondorioz, emango zaien erabilera baldintza berdinetan (ahal bada) probatzea aholkatzen dugu.
7.-Graduatu behar badituzu, kontutan hartu ezazu hainbat eguzkitako betaurreko ezin graduagarriak direla. Bere forma, tamaina edo muntaia direla eta, askori ezin zaizkio berezko lenteak zure graduazioarekin egindako lenteengatik aldatu.
8.-Betaurrekoa janzteko garaia da. Probatu itzazu eta honako bereizitasun hauei erreparatu iezaiezu: sudurrean nola kokatzen diren, alboetatik zenbat estaltzen duten, ea gure betilleak lentearen kontra jotzen ote duten begiak kliskatzean, edo betaurrekoek masailaren kontra jotzen ote duten (ez da gomendagarria).
9.-Gure itxurari erreparatuko diogu ispiluaren laguntzaz eta azkeneko aukeraketa egingo dugu gehien atsegin ditugunekin.
10.-Azkenik erosoen iruditzen zaigunarekin gelditu beharko ginateke, ez bait du ezertarako balio aurretik egindako lana baldin eta gure erosotasuna kolokan bada. Honez gero, auxe duzu zuretzat betaurrekorik egokiena!
Ez ahaztu haurrek eta adineko pertsonek, helduek baino babes handiagoa behar dutela. Honek esan nahi du eguzkitako betaurreko on batzuez gain, bestelako babesa behar izaten dela: txanoak, kremak, betaurrentzko sokak, etab…
Artikulu hau beste hizkuntza honetan eskuragarri dago: Español
Iruzkin berrienak