Argi Urdina eritzi kontrajarriak sortzen dituen gaia da. Alde batetik, garbi da gure begiak etengabeko argizpi urdineko erradiazioan murgilduta ditugula, baina: zer arrisku dakar argi honek?, kezkarako arrazoirik badago? artikulu honetan honen inguruko kezkak argitu nahi ditugu. Aurreragoko artikulu batean, argi mota honen babesaren inguruan arituko gara.
Argia eta erradiazioa
Argia deitzen duguna, ikus dezakegun erradiazio elektromagnetikoa da: orokorrean 380nm (mutur urdin-morea) eta 750 nm (motur gorria) artekoa.
Espektroaren zati txiki bat besterik ez da, baina kolore ezberdin guztiak ikusi ahal ditugu bi uhin-luzera hauen artean.
Gizakion espektro ikusgaiak erradiazioa bitan banatzen du: ezkerretara, uhin-luzera motzagoetara, izpi energetiko eta geroz eta arriskutsuagoak aurkitzen ditugu: UltraMoreak (UM), X-izpiak, Gamma izpiak, etb…
Eskubiruntz, geroz eta uhin luzera handiagoak eta energia gutxiagokoak aurkitzen ditugu: orokorrean, kalterik gabeak (honetaz ere adotasuna ez da osoa) eta arrisku txikiagokoak: InfraGorriak (IR), Radio-uhinak, etab…
Argi “txuria” eta argi urdina
Argi “txuria” deitzen duguna, berez, uhin luzera askotako argi izpiak elkartzean sortzen den perzepzio bateratua da: txuri kolorea.
Argi txuriaren zati garrantzitsua da argi urdina: %25a gutxi-gora-behera, eta 380 nm eta 475 nm-en arteko uhin luzera duen argi txuriaren zati osagai naturala da.
Argi urdinak badu abantaiarik jarraian ikusiko ditugu moduan. Hala ere, erradiazio energetikoen antzera, bestelako arazoak sor ditzake eta kaltegarria suerta daiteke neurriz gabe baliatzen bagara – eta gaur egun oso ohikoa da neurriz kanpo erabiltzea.
Bereiziki, espektro ikusgaiko mutur-muturrean kokatzen den argi urdinaz ari gara, UM tik gertu. Honengatik bi eratako argi urdin bereizten ditugu:
Argi urdin-turkesa
Uhin luzera handiagoko argi urdin-turkesa, osasungarria da:
- Gure gorputza ingurumenaren erritmo ziklikoetara sinkronizatzen laguntzen du (argia, tenperatura, …) erritmo zirkadiarrei esker. Honela, lo/esna garaiak, gosea etabar naturaren erritmoarekin bat egiten dira. Sinkronizazio prozesu hau ez doa ikusmenaren ibilbide klasikoetatik eta pertsona itsuengan ere eragina badu.
- Argi urdin-tukesak aktibatu eta animatu egiten gaitu. Ikasketa prozesuak lagundu eta gure errendimendua hobetzen lagun dezake.
- Gainera, badakigu argi urdin-turkesak ere baduela beste abantailarik: niniaren konstrikzioan eginkizun garrantzitsua du, begiak eguzkiaren erradiaziotik babesten laguntzen duelarik.
Argi urdin-morea
Argi urdin-morea, bestalde, arriskutsua suerta daiteke azken ikerketek ondorioztatzen dutenez:
Epe motzera:
- UM izpiengandik hain gertu dauden izpi mota honek neke eta ikusmen ahalegin handiak eskatzen dizkigu.
Epe luzera:
- Gure ikusmenaren muturrean dagoen argi izpi hauen energia handiak arazoak sor diezazkiguke: itsutasunera erama gaitzaken ALMD gaisotasuna piztu edo bizkortu, adibidez.
- Gainera, ondoan dauden UM izpien antzera, argi urdin-moreak katarata sortzen laguntzen duen susmo garbia dago.
Gure begiek argi urdinetik babesteko erak aurkitu dituzte
Gure begiak argi urdinetik babesten dira eboluzioan zehar eratu dituzten mekanismoei esker:
- Alde batetik, gure begien erretinan oso gutxi dira argi urdina detektatu dezaketen foto-rezeptoreak: kono urdinak guztien %2-3a osatzen dute bakarrik. Aldiz, kono berdeak %32a eta gorriak %65a dira. Kolore urdinarekiko errezeptore fisiko gabezia, seinale urdinaren amplifikazio sistema batek orekatzen du; honela, kolore urdinaren perzepzioa kolore berdearena edota gorriarenaren parekoa izanik.
- Bestalde, erretinan ditugun kono tipo ezberdinen (gorri, berde, urdin) banaketa ezpazialari dagokionean, zeraz ohartuko gara; ez dago kono urdinik erretinaren erdian: fobean (ikusmen zehatzena eskeintzen digun zatia) kono gorri eta berdeak besterik ez daude.
- Erretinara iristen den argi urdin kopurua era ezberdinetan mugatzen da.
- Alde batetik, makularen kolore horiak argi urdina iragazten laguntzen du.
- Gainera, gure adina aurrera doan eran gure kristalinoak argi urdina iragazten duen tonu horixka hartzen du.
Eboluzioak eskeintzen dizkigun abantaila hauek ez dira nahikoak gaur egun bizitzan zehar jasaten dugun argi urdin jarioari aurre egiteko.
Argi urdinaren iturriak
Bitan banatu dezakegu argi urdinaren jatorria: eguzkia eta argiztapen artifiziala.
Eguerdian lurraren azalera iristen den eguzkiaren espektroa dugu goiko grafikoa.
Miloika urtetan zehar eguzkia izan da argi urdinaren iturri bakarra. Atmosfera igarotzen duen eguzki erradiazioa UltraMorean hasi eta urdin-turkesan du indar handiena; poliki-poliki argiaren intentsitatea beherantz doa uhin luzera handieagoetara goazen einean.
Kanpoaldean babes handiena lortzeko asmoz, Serengeti eta Costa bezalako kalitate handiko eguzkitako betaurrekoek argi urdinaren %95a iragazten dute.
Goiko grafikoak diodo LED tipiko baten espektroa irudikaten du.
Gaur egun LCD/LED teknologia argiztapen zein pantailak egiteko erabiltzen dira. Diodo hauek 450nm inguruko maximo garbia dute. Orokorrean tratamendu fluoreszenteei esker lortzen da beste koloreak egoki irudikatu ahal izatea.
Hala ere, tratamendu hauek eman ostean argi urdin-more asko isurtzen dute oraindik eta honek ikusmen arazoak sor diezakizkiguke.
Gaur egungo pantailek argi urdin asko isurtzen dute
LCD/LED teknologiak aurrerapen asko ekarri dizkigu eta erabat aldatu du gure inguruko argiaren bereizgarriak: hala nola, lanpara eta pantaila mehe, arin eta argitsuagoak eta energetikoki eraginkorragoak. Baina guztiak ez dira gure onerako izan.
Ordenagailuaren pantaila, telebista, panel, lanpara, tableta eta smartphonerako egokituak izan dira, gure inguruan etengabeko argi urdin jarioa sortuz.
Bi faktorek larriagotzen dute arazo hau:
- Batetik, begiak argi iturri hauetatik gertu ditugu: begietatik ordenagailu baten pantailaraino 70cm, tableta batera 50 cm eta patrikako telefonora bakarrik 33 cm daude.
- Elementu hauek gure lanean eta aisian oso finkaturik daude eta ordu mordoa igarotzen dugu hauei begira.
Zer arazo sor diezaguke “argi urdinak”
Argi urdinaerkiko gehiegizko esposizioa arriskutsua suerta daiteke eta era ezberdinetara eragiten digu:
- Lo/esna-aldi ziklo aldatu ditzake: melatonina hormonaren ekoizpenean eragina izan dezake esna-aldia luzatuz.
- Ikusmen nekea eragin dezake.
- Epe luzera erretinako zeluei kalte egin diezaieke. Kalte hauek ALMD eta bestelako begi gaisotasunekin lotu izan da.
- Katarata sortzen edota bizkortzen lagun dezake.
Oraindik ez ditugu guztiz ulertzen argi urdinak sor ditzakeen arazoen mekanismoak eta ez dago garbi gaur egungo argiztatze tekniken epe luzerako segurtasuna. Martxan diren hainbat ikerketa ildo honi jarraitzen ari dira eta aurrerago jakin ahal izango dugu horien ondorioak. Honek ez du esan nahi gure begien onerako ezer egin ezin dezakegunik:
Eskura ditugun tresnak erabili ahal ditugu gehiegizko erradiaziotik babesteko. Gaur egungo argiztetze eta pantaila teknologia segurtasunez erabili dezakegu.
Argi urdinak sor ditzakeen arazoak dosiaren araberakoak dira eta zentzuzkoa da ahal den einean arazo hauek kontrolpean izatea.
Hurrengo artikulu batean ikusiko dugu nola babes gaitezkeen argi urdinaren gehiegizko esposiziotik. Era askotako konponbideak daude. Bata edo bestea erabaki, bakoitzaren eritzira gelditzen da.
Artikulu hau beste hizkuntza honetan eskuragarri dago: Español